Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abian da "Arin-arin hika egin!" Azpeitian

Abian da "Arin-arin hika egin!" Azpeitian

2011/10/21

Proiektuaren helburu nagusiak dira gazteen artean hitanoa sustatzea, hitanoaren kalitatea bermatzea eta transmisioaren garrantziaz jabetzea. Herriko hiru ikastetxeetako DBH 3 eta 4ko ikasleei bideratutako proiektua izango da.

Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Mintzola Fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean hitanoa landu eta bultzatzeko proiektua martxan jarriko dute, eta gaur (urriak 21, ostirala) aurkeztu dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Proiektu horren helburu nagusiak dira gazteen artean hitanoa sustatzea, hitanoaren kalitatea bermatzea eta transmisioaren garrantziaz jabetzea.

Urtebete bada Azpeitiko Euskara Patronatua, Mintzola Fundazioa eta Azpeitiko ikastetxeak, elkarlanean, proiektua lantzen ari direla. DBH 3 eta 4ko ikasleei bideratutako proiektua da gorpuztu dena, eta azaroan ikasgeletan lantzen hasiko direna.

Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko proiektuaren xehetasunak azaltzeko, aurkezpen ekitaldian honako hauek hartu dute parte:

  • Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea)
  • Josune Zabala (Mintzola Fundazioaren zuzendaria)
  • Inazio Usarralde (Mintzola Fundazioaren teknikaria)
  • Marijo Ezama (egitasmoa lantzen parte hartu duten irakasleen ordezkari)
  • Arkaitz Barriola (Bit&mina komunikazio eta diseinu grafikoko enpresaren ordezkaria)

Urtebeteko lana izan da Mintzolako Inazio Usarraldek bideratu duena. Aurkezpenean esan duenez, argi zuten “sortu behar genuena, gazteei erakargarri egin behar zitzaien zerbait izan behar zuela. Horretarako, Zumaiako proiektua eginda egoteak, bidea argiago ikusten lagundu digu. Eta, beraz, argi geneukan sortu behar genuen materiala euskarri informatikoan eta sarean ibiltzeko modukoa izan behar zuela. Hala egiten saiatu gara”.

Xapu zapo kazetaria bidelagun

Edukiari dagokionez, Xapu zapo kazetariak darama sekuentziaren barruko eta baita lau sekuentzien haria. Arin-arin hika egin! leloari eutsiz hainbat egoera zehatz emango zaizkie ikasleei eta horietara iristeko bidean txertatu dira hitanoaren inguruko jarduerak.

Beraz, sortu dutena tresna bat da, hitanoaren erabilera suspertzeko ideiarekin. Zergatik? Hizkera bizia delako, euskarak lagunartean eta egoera informalean izan duen erregistro bizi-bizia izan delako, hurbilekoa.

Izan ere, gure hizkuntza normalizazio bidean egonik, erregistro informala ere landu egin behar da eta hori eskolan egin behar da. Hizkuntza normalizatuetan erregistro informala bere ikasten du jendeak, kalean. Gure kasuan ez da horrela eta hori ere eskolan landu behar dugu.

Baina, ez da eskolaren lana bakarrik eta hori ere azpimarratu nahi izan dute. Dagokigun hitanoaren gaian, esaterako, izugarrizko garrantzia dauka etxeko transmisioak duen indarra, hitanoa dela eta maiz aurreiritziak iritsi ohi zaizkigu, gehienetan ezkorrak, eta horiek sinetsi eta horiek bai transmititu ditugula. Azkenik, horrekin batera, lagunartean, giro horretan indartu behar du hitanoak. Hori da bere eremu naturala. Horretan laguntzera dator gaur aurkeztu den egitasmoa.

Albistea hedabideetan:

Iruzkina gehitu

Iruzkin bat gehitu dezakezu beheko datu-orria testu hutsezko formatuan betez.

(Beharrezkoa)
Please enter your name.
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Enter the word
Abian da "Arin-arin hika egin!" Azpeitian

Mertxe Goikoetxea eta Marijo Ezama irakasleak, Josune Zabala Mintzolako zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Inazio Usarralde Mintzolako teknikaria (Argazkia: Erabili.com).