Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ahoz eta adierazkor nola?

Ahoz eta adierazkor nola?

2010/06/16

Andoni Egaña bertsolariak ahozkotasunaz eman du hitzaldia Mintzolan. Villabonako Udalak antolatutako ekimenean mintzalagun programan parte hartzen duten kideak nahiz gaiarekin interesa duten herritarrak bildu dira Subijan Etxean.

Zein da euskararen gaurko osasuna? Euskara zuzenaren bideak zertara eraman gaitu? Ba ote da beste biderik? Nola komunikatu euskaraz eta ahoz ari garenean? Azterketa soziolinguistikoek erakutsi digute euskararen ezagutzak gora egin duela azken urteetan. Jakitetik erabiltzerako pausua, ordea, ez da berdina. Egañaren arabera, euskararen zuzentasunari erreparatu diogu azken hamarkadetan eta iritsi da garaia zuzentasunari ez ezik, hizkuntzaren beste alorrei ere begiratzeko. Euskara zuzena ez da beti egokia eta euskara egokiak ez du zertan beti zuzena izan. Neska-lagun edo mutil-lagunari "gustatzen zatzaizkit" esatea zuzena izan arren, egokia ote da?

Euskaraz errieta egin, haserretu, maitasuna adierazi... nola egiten ditugu? Egañaren esanetan, euskarak arlo batzuetan asko irabazi badu ere, beste batzuetan galdu egin du; eta galdu dugu, batez ere, euskararen adierazkortasunean. Gero eta gehiago entzuten dira "oso oso polita", "oso oso arrakastatsua", "oso oso lagun ona" eta gisako formula errepikatuak. Berez badirenean horren ordezko euskal formula jator eta jostariak. Euskararen erronka da adierazkortasunera jauzi egitea, formula zaharrak berreskuratu eta berritzea.

"Txip" aldaketa proposatu du Egañak. Egokitasunaren eta naturaltasunaren aldeko bidea urratzea. Komunikatzea da helburua, eta horretan jarioari baino diskurtsoen trebatzeari erreparatu behar diogula. Diskurtsoa landuz iritsiko gara gure helburu den publikoarengana. Hark ematen dizkigu diskurtsoa jarioz janzteko baliabideak. Ildo horretatik, Aristoteles filosofoak Kristo aurrean emandako aholkuak ekarri ditu Egañak, erretorikaren bost pausuak: zer esan, zein ordenetan esan, nola esan modu berezian edo orijinalean, ahoz esan beharrekoa memorizatu eta ondo exekutatu.

Iruzkina gehitu

Iruzkin bat gehitu dezakezu beheko datu-orria testu hutsezko formatuan betez.

(Beharrezkoa)
Please enter your name.
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Enter the word