Euskal Herriko Ahozko Corpusen Diagnosia
Gaur, urriak 27, Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna ospatzen da mundu osoan, UNESCOk izendatuta. Ospakizun hori aprobetxatuta, Mintzola Fundazioaren proiektu baten berri eman nahi dizuegu.
Izan ere, Euskal Herrian barrena makina bat grabazio egin izan dira azken urteotan bertako ahozko ondarea jasotzeko, hainbat esparrutatik bideratuta (dela hizkera, etnografia, historia, toponimia, kontakizunak, kantak, eta abar). Egitasmo honen asmoa da, jakitea zein ahozko dokumentu ditugun Euskal Herrian zehar, zein egoeratan eta nola erabil ditzakegun ondorengo urteetan.
Diagnosi honetan ahozko hitzari erreferentzia egitean bi eremu hartuko dira kontuan: genero berezituak (bertsoa, antzerkia, kantua, ipuina…) eta genero arruntak (grabazio libreak, herri hizkera jasotzeko egindakoak, ahozkotasuna hezkuntzan, unibertsitate mailako ikerlanak, gazteen artean jasotakoak, eta abar).
Egitasmo honen lehenengo fasea 6 hilabetekoa izango da, eta Ahotsak.com webgunearen laguntza ere izango du. Epe honetan langile bat ibiliko da lanean erakundez erakunde, artxibategiz artxibategi, elkartez elkarte… datuak jaso eta antolatzen. Diagnosi honetatik lortutako emaitzak argitara emango dira 2012ko udaberrian.
Albistea hedabideetan:

