mintzola.com eta fundazioaren egitasmoa aurkeztu ditugu
Mintzola Fundazioaren mezua eta helburuak sarean zabaltzeko asmoarekin aurkeztu dugu gaur www.mintzola.com ataria. Josune Zabala Mintzolako zuzendaria, Codesyntax enpresako Asier Sarasua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Estibaliz Alkorta izan dira aurkezpenean. Webgunearen ezaugarriak azaltzearekin batera, datorren urteari begirako egitasmoaren berri eman dugu.
www.mintzola.com
Codesyntax enpresak gauzatu du Mintzola Fundazioaren webgunea bere helburu eta beharren arabera egokitua. Asier Sarasuak aipatu duenez, webgune malgua egin da bai diseinuan, bai eduki-kudeaketan eta antolaketa orokorrean. Webgunea erabiliko duten bisitariengan pentsatuta dagoenez, webgune irisgarria egin da, eta erabilgarritasunari ere garrantzi berezia eskaini nahi izan zaio, erabiltzaileek informazioa azkar aurkitu dezaten.
Mintzolaren egitasmoa
Datorren urteari begirako egitasmoa azaldu du, berriz, Fundazioaren zuzendari den Josune Zabalak: "Euskararen tradizio generoen diagnosia egiteak izango du lehentasuna Mintzolaren egitasmoan". Izan ere, beharrezko dugu euskararen ekosisteman ahozko generoen egoera zein den jakitea, hortik etorriko baitira etorkizuneko ikerketa eta egitasmoak.
Aurtengo egitasmoei jarraituz, Zumaian eta Azpeitian gazteen jardunean hitanoa sustatu eta bideratzeko lanean jarraituko dugu, eta baita Tolosan DBHko gazteen hizkuntza jarrera, erabilera eta konpetentziak jorratzeko ikerketarekin ere. Ikerketaz gain, hainbat formazio ikastaro antolatu dira irakasle, hizkuntza normalizazio teknikari eta ahozkoan interesa dutenentzat. Aurtengo udan sortu berri diren AHOA BETE HOTS jardunaldiek jarraipena izango dute datorren urtean, eta ahozko komunikazioaren gaineko argitalpen lan bati ekingo zaio une honetan dugun ezagutza gizartean zabaltzeko asmoz.
Hedapenari dagokionean, Mintzolak hilean behin ahozko generoei lotutako hitzaldi, mahai-inguru eta mintegiak antolatuko ditu bere egoitzan (Subijana Etxea). Estibaliz Alkortak berretsi duenez, Mintzola Fundazioa ahaleginduko da kanpotik datozen egitasmo esanguratsuekin ere bat egin eta elkarlana bultzatzen: Gipuzkoan eta handik haragoko eremu zabalean. Halakoxe bokazioarekin jaioa baita Mintzola, "Lidergotza partekatua sustatuz erakunde publiko eta pribatuak bateratzen dituena; aurrerantzeko egitasmo eta antolaketa eredugarri izan daitekeena".
Ildo horretatik, 2009ko maiatzean Mintzola Fundazioan egitasmoak gauzatzeari ekin genionetik, euskararen ahozkotasuna ikertu eta gizarteratzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari gara:
- Ikerketaren arloan, gizartearen beharrei erantzunez, ikerketa aplikatuari eta gazteen eremuari heldu diogu batez ere: gazteen ahozko konpetentziak aztertzeko proposamenak diseinatu eta gauzatzen ari gara.
- Formazioaren esparruan, ahozkotasunak ikastetxeetan lantzeko ikastaroak diseinatu eta eskaini ditugu.
- Ahoa bete hots jardunaldiak antolatu ditugu Bertsozale Elkartearekin elkarlanean.
- Bertsozale Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Kantuzale Elkartearekin eta ipuin kontalariekin lanean dihardugu gai hauei loturiko ikerketak zein izan beharko lukeen zehaztu eta etorkizuneko egitasmoak lantzen.


respond