Pantaila euskarazko hitzez mintzo
Asier Larrinagak Euskal Telebistako ahozko euskarari buruzko hainbat gogoeta egin ditu. Hedabideetan euskalkiak euskara estandarra aberasteko baliatu behar direla uste Larrinagak.
Asier Larrinaga EiTB-ko Euskara Zerbitzuko arduraduna da, eta telebistan ahozko euskararen inguruan egindako lanak zein izan diren azaldu du. 2005a izan zen mugarria Euskal Telebistan euskara estandarraren hizkuntza politika ezarri baitzen urte hartan. ETB-ren sorreratik hona hizkuntzaren estandarizazioan ez dute ibilbide samurra izan: ahoz eta euskaraz aritzeko intuiziotik heldu behar izan zioten lehenengo kazetari edo komunikatzaileek. Denbora eta hizkuntzaren inguruko lanketak ekarri du ahozko euskararen sistematizazioa.
Oraindik orain ahozko hizkuntzaren gaineko zehaztapen gehiegirik ez badago ere, erregistroaren inguruan egin dira gogoetak: euskalkia eta estandarra, egoera informalak eta formalak… "Oro har funtsezkoa da irratsaio bakoitzean eta telebista-programa bakoitzean hizkera ondo egokitzea komunikazio egoerara" aipatu du. Euskalkien eta euskara estandarraren arteko auzian, Larrinagak osagarritasuna nabarmendu du. Euskalkiak euskara estandarra aberasteko lagungarri diren heinean dira baliagarri hedabideetan. Ildo horretatik hainbat saioren hizkuntza egokitasuna azpimarratu du: Goenkaleren ahalegina, garai bateko Txiskola umore saioa, Ertzainak telesaila, hainbat bikoizketa lan eta bereziki albistegiak. Bestalde, gaur egun EiTB-ren hizkuntza irizpideak Euskaltzaindiaren EBAZ (Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua) arauari jarraiki bideratzen direla aipatu, eta horren adierazleak eskaini dizkio bertaratutakoari.

