Zumaiako Hitanoa lantzeko proiektuaren aurkezpena
Zumaiako Hitanoa landu eta bultzatzeko hezkuntza proposamena osatu dute Zumaiako Udalak eta Mintzola fundazioak. Martxoaren 4an proposamena jendaurrean aurkeztu eta hiru eragileek elkarlanerako akordioa sinatu zuten.
Zumaiako Udalak euskararen ahozkotasuna eta bereziki hitanoa hedatzeko lanetan proiektu berri bat abiatuko du Mintzola fundazioarekin elkarlanean. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu zuenez, “Udalak euskararekin duen proiektu garrantzitsua dugu hitanoa sustatzeko egitasmo hau. Izan ere, geure geurea dugun hizkera baten erabilera zabaltzeko eta uste okerrak argitzeko balioko du abian jarriko dugun proiektuak”.
Agerraldian azaldu zutenaren arabera, “azken urteotan Zumaian geurea den hizkuntzari lotutako ondarea biltzen eta jasotzen ahalegin handia egin da. Horren lekuko dira, Zumaiako hitanoa jasotzen egindako lana, herriko toponimia jaso eta normalizatzen egindakoa eta Zumaiako hizkera bildu eta digitalizatzen egin dugun azkenekoa”. Hitanoaren kontuan, berriz, aspalditxotik jaso izan ditu Udalak herritarren oharrak eta kexak: oker erabiltzen dela, batetik; eta emakumeen artean erabilera galtzen ari zela, bestetik.
Zumaiako Udalak eta Mintzola fundazioak bultzatutako proiektuari esker, Zumaiako hitanoa landu eta bultzatzeko hezkuntza-proiektua burutuko da.
Proiektuaren inguruko informazio gehiago Egitasmoen atalean eta aurkezpenaren ingurukoa Zumaia.net webgunean.

