Helburuak
Ahozko tradizioan sakonduz gizartearen premia berriei erantzun egokia eman nahi dien erakundea da Mintzola. Ahozkotasunaren ikerketa da Mintzola Fundazioaren zeregin nagusia, eta ondorengo bi egiteko ditu zehaztuta:
- Ahozko tradizioaren behatoki izan. Ahozko tradizioan bizirik dirauten komunikazio moldeak ezagutu eta aztertzea dagokigu gaur egungo euskararen ahozkotasunari begira ditugun galderei erantzuteko. Ahozko inprobisazio kantatua, euskal kantagintza, antzerkia, kontularitza… Haien eta gehiagoren berri izan nahi dugu ahozko tradizioak eskaini digun hori gerturatu, antolatu eta euretan sakontzeko. Hain zuzen ere, euskarazko ahozkotasunaren ekosistema-mapa eraiki, ikertzaileen eskura ipini eta ikerketa-bideak irekitzea dagokigu.
Eginkizun horretan lanean diharduten erakundeekin harremanetan jarriz, euren arteko zubiak eraikiz eta elkarlana bultzatuz lortuko dugu euskararen ahozko corpusa ikertzeko zorua.
Beraz, oinarrizkoa da euskararen ahozko dokumentazioan lanean diharduten erakundeekin harremana bideratu eta saregintzan abiatzea. Ikertzaileei unibertso horretako dokumentuak hurbiltzea, lan-tresnak erraztea eta ezagutza berriak hedatzeko bilgunea eraikitzea. - Ahozko komunikazio premia berriei erantzun. Gaur egungo gizarteak ahozko komunikazioaren gainean dituen galderei erantzun eta tresna baliagarriak eskaini nahi ditu Mintzolak, batik bat, esparru hauetan:
- Hezkuntza sistema. Ahozkotasuna hezkuntzan lantzeko proposamenak egitea, ikerketak bultzatzea, metodologia eraginkorrak osatzea eta materiala lantzea dagokigu.
- Ahozko komunikazio
gaitasuna. Ahozko komunikazio gaitasuna edozein eremutan lantzeko
eskaera ikaragarriari erantzun nahi diogu. Eremu bakoitzeko komunikazio moldeak deskribatuz, hura lantzeko tresnak eskainiz, ikastaroak emanez...
- Hedabide mintzatuak eta berriak. Mintzolak bere ekarpena egin nahi dio euskarazko irrati eta telebistetan erabiltzen den hizkerari, baita teknologia berriak tarteko diren komunikazio bide berriei ere.
- Sortzaileak. Bertsogintza, antzerkigintza, kantagintza, kontularitza... Euskararen ahozko tradizioa behatu, geure komunikazio molde propioak ezagutu, sorkuntza ezberdinak esperimentatu eta ekoizpen berriak eraikitzea dagokigu.

