Egitasmoak
Euskara aberats (izan) da ahozkotasunean, eta euskaraz aberats komunika gaitezen bide egokiak urratzea dagokigu orain. Mintzola Fundazioak beregain hartu du helburu hori eta bidea egiten ari gara, inondik ere. Euskararen ahozko generoen iturriak bilatuz, generoen gaineko ikerketa eta esperimentuak bultzatuz, gizarteak horien guztien jakintza eta emaitzak jaso ditzan.
Ibilbide horretan, elkarren osagarri diren hiru ardatzek mugiarazten gaituzte:
- Dokumentazioa: ahozko dokumentazioaren mapa.
- Ikerketa: oinarrizko ikerketa, ikerketa aplikatua (Hitanoa Zumaian eta Azpeitian; Ahozko lantegia Tolosan) eta ikerketa hedapena.
- Gizarteratzea eta formazioa: ikastaroak (Mintzapraktikatik ahozko praktika gidatura eta Bizitzaren antzeztokian jokalari) eta jardunaldiak (Ahoa bete hots).
Jakina da euskaraz ahozko generoak izan direla nagusi gure komunikazioaren historia txikian. Ahoz komunikatu izan gara lagun artean, ahoz gorde eta hedatu ditugu ipuin, ele-zahar, kanta eta bertsoak… Euskarazko idatzizko testuak ahozkoen ondoren etorri direnez, ahozko eredua nagusitu izan da nola erregistro informaletan hala formaletan. Euskararen komunitateak ahoz transmititu ditu bere ezagutza, egiteko nahiz adierazteko moduak.
Idazkuntza teknologiaren aroan gaudelarik, indar hartu dute idatzizko ereduek eta ahoz transmititu den horrek guztiak beste bide batzuk hartu behar izan ditu edo bere horretan ezkutuan gelditu behar izan du. Idatzizko testuak erabili izan dira, batez ere, informazioa eman eta lantzeko. Pedagogiaren eta hizkuntzalaritzaren arloan ere mendez mende izan du garrantzia handiagoa idatzizkoak.
Horrenbestez, euskaraz horren indartsu izan dugun ahozkotasunaren osasuna apaldu egin da. Gizarte aldaketak izan diren neurrian, geure hizkuntza komunitateak sortu eta birsortu dituen ahozko testuak eta komunikatzeko moduak galbidean doaz. Horren ondorio da, adibidez, euskararen jakintza eta trebetasun askotarikoak galdu izana. Horren ondorio da, halaber, euskaraz komunikatzeko jarrera aldaketa, lagunarteko jarduna indargabetzea… Beste hamaika ondorio euskararen erabilera egokiaren eta jarrera baikorraren kaltetan.
Dena dela, ohartu gara ahozkotasuna aztertzeak hizkuntzaren deskribapenean eta gure komunikazio trebetasunetan aberasten laguntzen gaituela. Komunikatzaile ona edonora eta edonorengana iristen da. Komunikazio teorien ildotik, diskurtsoaren analisiaren bidetik, erretorikatik, soziolinguistikatik, etnolinguistikatik… mundu zabalean hainbat heldulekutatik ekin zaio ahozkotasunaren fenomenoa ikertzeari.
Horien guztien ekarpenak eta norberak beretik eman lezakeen apurra baliagarri izango zaizkigu euskaren ikerketa eta sustapenean ere.

