Hemen zaude: Hasiera Egitasmoak Ikerketa Azpeitian hitanoaren sustapena hezkuntza alorrean

Azpeitian hitanoaren sustapena hezkuntza alorrean

Gazteen artean erabilera-konpetentziak ezagutarazi, landu eta aberastea izango da Azpeitian hitanoaren egitasmoari dagokion helburu orokorra. Helburu orokor horrez gain, proposamen honetan zehatzagoak diren helburuek ere badute beraien lekua, hala nola, gazteen artean erabilera berpiztea, irakasleei metodologiaren inguruan formazioa eskaintzea eta guraso zein irakasleei motibazio saioak ematea.

Bestalde, herri mailan hitanoaren inguruko kanpainak bideratzea, komunikazio sareak eraikitzea, herritarrei zuzenduriko ikastaroak zein hitzaldiak antolatzea eta gisakoak ere lagungarri izango dira helburuak lortzeako.

Hona egitasmoaren ezaugarri aipagarrienak:

  1. Azpeitiko ikastetxe guztiekin gauzatu nahi da egitasmoa, bertako irakasle, ikasle eta gurasoak kontuan hartuz.
  2. Oraingoz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan jarriko da martxan proiektua eta maila horietarako sekuentzia didaktikoak prestatuko ditu Mintzolak: hasiera batean, 4 sekuentzia didaktikoren diseinua eta esperimentazioa aurreikusten ditu 2011-2012 ikasturterako.
  3. Hitanoa gazteek ezagutu, landu zein erabiltzeko proposamenak izango dira sekuentzia didaktikoen bitartez egingo direnak.
  4. Mintzolak, Azpeitiko ereduak jorratuko ditu, hala nola, ikus-entzunezko materialak aztertuz, hitanoaren inguruko erreferentziak bilatu zein hautatuz eta Azpeitian hitanoaren inguruko ikerketak egin badira, beraiek baliatuz.
  5. Irakasleei metodologiaren esparruan, formazioa eskainiko zaie.
  6. Irakasle zein gurasoei begira, motibazio saioak egitea ere aurreikusita dago.

Beraz, aurrekoa kontuan harturik proposamena hiru ardatz nagusitan banatuko da:

  • Material didaktikoa sortzea eta esperimentatzea.
  • Motibazio saioak eskaintzea guraso zein irakasleei.
  • Metodologiaren inguruan irakasleei formazioa ematea.