Hemen zaude: Hasiera Egitasmoak Ikerketa Tolosan ahozkotasunaren laborategia: erabilera, jarrerak eta konpetentziak

Tolosan ahozkotasunaren laborategia: erabilera, jarrerak eta konpetentziak

Azken hamarkadan arrakasta bizia hartzen ari den ikerketa-ekintzaren metodologian oinarritzen den laborategia eraikitzea da egitasmo honen oinarri nagusia.

13 urtetik 16 urtera bitarteko gazteen hizkuntza jarrera eta ahozko konpetentziak aztertu, hobetu eta sustatu nahi dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) osoko ikasleekin lan egitea proposatzen da. Izan ere, ikasle hauek une preziatuan daude euren hizkuntza jarrera eta erabilera erabakitzeko. Garai horretan hasten dira gazteak lagun artean ibiltzen, euren arteko hizkuntza zein izango den erabakitzen... Urteak joan ahala, gainera, kognitiboki erraz edo zailagoak diren lanketak egin behar izaten dira ahoz: jendaurrean azalpenak eman, iritziak eman edo argudiatu, kontatu... Garai aberatsa deritzogu, beraz, gisa horretako beharrei erantzungo dien esku-hartzea proposatzea, kontuan harturik bertan egingo diren hainbat lanketa lagungarri izango direla gainerako hizkuntzetan ere.

2010-2011 ikasturtea

Egitasmoa martxan jarri dugu 2010-2011 ikasturtean. Zehazki, azarotik urtarrilera DBHko lehenengo eta hirugarren mailako ikasleen artean euren hizkuntza jarrerei eta erabilerari buruz diagnostikoa egin du Mintzolak, hiru ikastetxeetan. Hona hemen diagnostikotik ateratako zenbait ideia interesgarri:

  • Etxeko hizkuntzak baldintzatzen du ikaslearen hizkuntza jarrera

  • Adinak baldintzatzen du ikaslearen hizkuntza jarrera

  • Hizkuntzarekiko balioa aldatzen da ikastetxeka

  • Etxeko hizkuntzak baldintzatzen du ikaslearen hizkuntza erabilera

  • Ikastetxearen egoera soziolinguistikoak baldintzatzen du ikaslearen hizkuntza erabilera

  • Adinak baldintzatzen du lagunarteko hizkuntza nagusia

Aldi berean, aurten, Tolosako ahozko lantegi honetan gidari lanak egiteko eta aholku emateko Jarraipen Batzorde bat osatu da. Honako hauek dira Batzorde honetako parte-hartzaileak: Mintzola Fundazioa, Tolosako Udala, hiru ikastetxeak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hezkuntza Saila, Hizkuntza Politika Sailburuordetza, Soziolinguistika Klusterra eta Kike Amonarriz.

Une honetan 2011-2012 ikasturtean DBHko lau mailetan esku-hartzeko sekuentzia didaktikoak sortzen dihardu Mintzolak.

Irakurri gehiago. Tolosa, Gazteen laborategi